2007-03-28

7. jardunaldia. Urnieta 4 - 1 Ikasberri

Irabazi beharreko partidua zen, eta hala egin genuen. Gure gainetik dauden bi taldeak sendo dabiltza eta beste huts bat egitea barkaezina izango baizen. Motibatuta eta indartsu atera, eta hiru puntuak etxean gelditzea lortu genuen. Hala ere, norgehiagoka emaitzak esaten duena baino parekatsuagoa izan zen eta lehen minututik azkeneraino borroka egin behar izan genuen.


Lehen zatia:

Taldeari asko kostatu zitzaion partiduan sartzea. Jokua sortzeko arazo handiak izateaz gain, aurkakoari oparitutako falta ezberdinen ondorioz, asko sufritu zuen geldikako jokaldietan. Horrela, lehen zatiko erdialdean, azpeitiarrek ateratako falta batek aurretik jarri zituen kanpokoak. Askotan gertatu den bezala, gol hau taldea piztu eta esnatzeko balio zuen, hemendik aurrera taldea zuzenago jokatuko zuelako. Arrisku gutxiko jokaldi batzuk eta gero, korner baten ondorioz Sierrak baloia buruz jo eta, Azpeitiko defentsa guztiek utzitako zulo bakarretik, atsedenaldirako minutu gutxi falta zirela markaigalura berdinketa eraman zuen. Beraz, berdinketarekin iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatia:

Bigarren zatia oso bestelakoa izan zen. Taldea fisikoki eta mentalki aurkakoa baino askoz gehiago izan zen. Hasieratik jo zuen aurrera, jokoa lehen zatikoa baino azkarrago eta eraginkorragoa izan zelarik. Gola sartuko genuelaren konbentzimendu oso genuen, horrela, beste korner bat eta gero, Jabatek baloia goitik behera pikatuz gol ederra sartu zuen. Zoramena.

Gol hau eta gero, Azpeitiarrek besoak jeitsi eta desmotibatu egin ziren, defentsan hutsune ugari utziz. Egoera hori ederki baliatu zuen Andonik, bira zoragarri baten bidez bere markatzailea atzean utzi eta gero, ateko armiarma-sarea hautsi zuenean. Lasaitasunaren gola izan zen hau. Azkenik, Nestorrek falta zuzen bat baliatuz gol ederra sartu zuen, markagailura azkeneko gola igoz.

Hemendik aurrera, taldea emaitza eusteari ekin zion, atzealdean sendo eta serio mantenduz. Gol gehiago sartzeko aukerak izan genituen arren, markagailua ez zen mugitu.

Partidaren aspektu positiboak:

1. Garaipena. Ezin genuen beste emaitzarik lortu. Garaipena zen partidu honetako gauzarik garrantzitsuena eta lortu zen.

2. Mentalitatea. Nahiz eta galtzen hasi, taldeak ez zituen besoak jeitsi eta garaipena lortu arte jo eta ke aritu zen.

3. Faltak eta kornerrak. Partidu askotan bezala, jokaldi hauek partida irabazteko bide ezinhobea izan zen. Astean zehar ondo prestatuko jokaldiak dira eta hauei errendimendu handia ateratzen ari gara.

4. Gure zelaia. Oso sendo gabiltza gure zelaian. Orain arteko partida guztiak irabazi ditugu eta igoeraren oinarria hau izan behar da.

Partidaren aspektu negatiboak.

1. Faltak eta kornerrak. Gure alde direnean etekin handia ateratzen diegun bezala, partidu honetan, asko sufritu genuen hauetan. Gainera, aurkakoari falta gehiegi oparitu genizkion eta partiduko lehen gola hala etorri zen.

2. Joko nahasia. Une askotan, taldearen jokoa oso irregularra izan zen. Pase askotan huts egin,egoeren irakurketa desegokia egin erritmo geldoegian jokatu baigenuen.

Hurrengo partidua BTLS talde Bergarrararen aurka jokatuko dugu etxean. Hau ere garaipen nahitanahiezkoa izango da eta orain arteko gogoa, motibazioa eta agresibitatea mantentzen badu, puntuak etxean geldituko dira. Animo Mutilak!!!

DV egunkarian berria eta Asteburuko emaitzak eta sailkapena.

2007-03-21

6. Jardunaldia. Landetxa 0-0 Urnieta

Seigarren jardunaldia den arren, gure taldeak orain arte lau partidu bakarrik jokatu ditu. Alde batetik, zazpi talde garenez, astero norbaitek atsedena hartu behar duelako, eta bestetik, epailearen ondo ezaren ondorioz partidu bat bertan behera utzi behar izan genuelako. Nahiz eta talde batzuk gu baino bi partidu gehiago jokatuta izan, sailkapenean atzetik doaz, lana ondo egiten ari garenaren seinale.

Aipatutako norgehiagokari dagokionez, aitortu beharra dago, taldeak denboraldiko partidarik kaxkarrena jokatu zuela. Indar, gogo, kemena eta motibazioa ez zitzaigun falta izan, baina futbolean beste alderdi batzuk ere oso garrantzitsuak dira, esate baterako, paseak, kondukzioak eta jaurtiketak. Oinarrizko hiru alderdi horietan taldeak sekulako hutsak egin zituen, aurkako taldeari arriskua sortzeko aukera anitzak emanez.

Hamaikakoa hau izan zen:


Nahiz eta partidu makala jokatu, hainbat ondorio positibo atera ditzakegu. Alde batetik, gure atea hutsean mantendu genuela. Beti bezala defentsan zoragarri eta seguru aritu ginen; Hau izan daitekelarik igoeraren gako bat. Bestetik, fase honetan galdu gabe jarraitzen dugu. Datu hau garrantzi handikoa da, etxetik kanpo hiru partidu jokatu baititugu.

Hurrengo hiru partiduak etxean jokatuko ditugu. Ezin dugu hutsik egin. Animo Mutilak!!!

Igoera Fasea

Fase erregularrean egindako guztiak ez du jada ezertarako balio. Izan ere, igoera faserako sailkatutako talde guztiak hutsetik hasten gara eta onenek bakarrik izango dute igotzeko aukera. Aurretik aipatu bezala, fase garrantzitsu honetarako multzo bakoitzeko lehendabiziko lau taldeak sailkatzen dira, eta noski, norgehiagoken maila altuagoa da. Orain arte lau partidu jokatu ditugu -bat etxean eta hiru kanpoan- eta emaitzak ez dira batere txarrak izan (bi garaipen eta bi berdinketa), kanpoan jokatu ditugun norgehiagokak hiru izan direlako. Oraindik bidea luzea izango da, baina taldeak bere aukeretan konfidantza handia du eta entrenamendu bakoitzean egiten ari den lana oso egokia da.

Hemen dituzue partida guztien egutegia eta orain arteko sailkapena.

2003-04 denboraldian ere igoera lortu genuen

2007-03-19

Igoeraren bila (Fase Erregularra)

Futbol taldea aztertu eta gero, mamira joko dut, hau da, konpetiziora. Mailaz igo ahal izateko bi fase jokatu behar dira. Lehenengoa, fase erregular bati dagokio. Bertan, bederatzi taldeko hiru multzoetan lehian aritu ginen, igoera fasera sailkatzeko lortu beharreko lehendabiziko lau postuen bila. Guri bigarren multzoan aritzea egokitu zitzaigun eta egia esan, fase hau gure taldeak oso erraz gainditu zuen, azken sailkapenean lehen postua lortuz.

Fase erregularreko emaitzak

Fase erregularreko azken sailkapena

Ikus dezakezuen moduan, gure taldea era zoragarrian moldatu zen hasierako fase honetan. Gure lan eraginkorra telebista eta gainontzeko komunikabideetan berri ez izan arren, inguruko prentsak hainbat lerro eskaini zizkigun gure joko zoragarriarengatik:

Urnieta-Lazkao
Amaroz-Urnieta
Urnieta-Ordizia
Lasarte-Urnieta
Axular-Urnieta
Ordizia-Urnieta(Galdutako bakarra)
Urnieta-Intxurre
Gure futbol zelaian oso sendo aritu gara orain arte

Urnieta Futbol Taldea

Orain arte, Urnietari buruzko informazio eta argazki ezberdinak luzatu dizkizuet. Hemendik aurrera Urnieta Kirol Elkartearen (UKE) inguruan mintzatuko naiz. Nahiz eta herri txikia izan, gure kirol elkarteak bere baitan hainbat espezialitate hartzen ditu: Esku pilota, atletismoa, txirrindularitza, triatloia, eskubaloia, eta noski, futbola. Azken kirol honetan, maila eta adin ezberdinetan Urnietako bost talde konpetitzen ari dira.

Gure futbol taldea, erregionaletako bigarren mailan ari da jokatzen, aurreko urtean mailaz jeitsi eta gero. Taldeak eta zuzendaritzak, denboraldi hasieran urte honetarako helburu argi, zehatz eta bakarra finkatu zuten...Igoera!. Entrenatzaile eta laguntzaile berriak fitxatu eta gero, aurreko urteko jokalarietan oinarrituz lantalde zentzu eta ganorazkoa osatu da, taldekide guztiek helburua lortzeko etengabeko elkarlanean aritzen direlarik. Hauek dira beraz, gure taldea osatzen duten jokalari eta entrenatzaileen zerrenda:

Atezainak: Gorospe, Sorron eta Igor
Atzelariak: Miguel, Gorka, Tele, Sierra, Itu, Jabat, Larra, Belber eta Asier.
Erdilariak: Nestor, Mateo, Javi, Peru eta Iker(c).
Aurrelariak: Andoni, Rodrigo, Julen, Jordi eta Emanuelle.

Entrenatzailea: Juanjo Arregi
Laguntzaileak: Jokin, Eñaut eta Dani.
Delegatua: Javi



2007-03-16

Urnieta Herria


Blog honek futbol talde bati buruz hitz egiten duen arren, oso egokia iruditzen zait Urnieta herriari buruzko zenbait aipamen egin eta argazki batzuk ipintzea. Horretarako herri txiki baina zoragarri honi buruz aipamenak egiten dituzten zenbait web orrialdeen link-ak emango dizkizuet.

http://www.paisvasco.com/urnieta/euskera/indexe.html

http://www.urnieta.org

http://www.gipuzkoa.net/urnieta/euskera/index.htm

http://es.wikipedia.org/wiki/Urnieta

Urnietako zenbait argazki:

Herriko argazkiak


Urnietako Adarra mendia

2007-03-13

Kaixo!

Kaixo mundu guztiari!!!

Munduko blog zoragarriena den honetan, Urnietako Kirol Elkartearen nondik norakoak ezagutu ahal izango dituzue. Erregionalen bigarren mailan dabilen futbol taldearen ametsaz partaide izango zarete. Mutil -jator- talde honen helburua aurreko urtean galdutako maila berreskuratzea da eta horretarako lan bikaina egiten ari dira kide guztiak. Beraz, blog honen bitartez, taldearen berri emango dizuet (Partiduetan, entrenamenduetan, afarietan gertatutakoa argituz eta bitxikeriak kontatuz), zuekin igoeraren ametsa konpartitzeko asmoarekin.